Bilbao Bizkaia HARRO jatorrizko formatura itzuli da eta ortzadarra zabaldu du Lekeitio, Plentzia eta Santurtzira

  • Hitzordua ekainaren 16tik 29ra luzatuko da, aurreko edizioetan baino programazio-egun gehiagorekin.
  • Pandemiak eragindako bi urteko murrizketen ondoren, aldarrikapen ekitaldi honek nobedadeak dakartza eta ongi errotutako proposamenak berreskuratu ditu, hala nola Bilboko Areatzako kontzertuak edo itsasontzien desfilea itsasadarrean.
  • Musika arloan, Sorayak emanaldi bat eskainiko du.
  • Euskara eta euskal kultura ere protagonista bihurtuko dira LGBTI+ eskubideen aldeko sentsibilizaziorako tresna gisa.

Bilbao Bizkaia HARROk bere ortzadarra zabalduko du ekainaren 16tik 29ra. Aurten ere, ekainaren 28an, LGBTI+ Harrotasunaren Egunaren inguruan, kultur eta jai ekitaldien programa bat egingo da Bilbon, aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identitateko aniztasuna aldarrikatzeko. Azken bi urteotan ekitaldi hau murriztu egin behar izan dugu COVID-19aren pandemiagatik. Baina aurten ohiko formatura itzuli da. Eta inoiz baino indartsuago dator gainera: Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik ere bat egin dute ekimenarekin, eta herri bakoitzak bere jardueren egitaraua izango du.

Hala, ongi errotutako proposamenak berreskuratuko ditugu, hala nola Areatzako kontzertuak edo Ur Parade desfilea —­itsasontzien desfilea itsasadarrean—, eta aurreko bi urteetan egin ezin izan ditugun beste hainbat jarduera.

Garrantzitsua da aipatzea urtero jarraitu dugula ospatzen Bilbao Bizkaia HARRO ekitaldia, bizi izan dugun osasun larrialdia gorabehera. 2020 eta 2021. urteetan programa murritzago bat diseinatu genuen, egoerarekin bat zetorrena. Baina irten ginen kalera. Izan ere, bizi dugun errealitateak agerian uzten du ezinbestekoa dela ahotsa goratzea LGBTI+ kolektiboko pertsonen alde.

INDARTU EGIN DEN ORTZADARRA

Bilbao Bizkaia HARRO hazi egin da eta gero eta handiagoa da. Eta gizarte parekide, libre eta anitz baten aldeko borrokan parte aktibo izan nahi duten pertsona, eragile sozial, erakunde eta enpresa guztiei esker hazi da. Bilbao Bizkaia HARRO Ortzadar LGBT Elkarteak antolatzen duen ekimen bat da, eta babesletzat ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BasqueTour. Aurten, gainera, Lekeitio, Plentzia eta Santurtziko udalek ere bat egin dute ekimenarekin. EiTB da gure komunikabide ofiziala, eta Cervezas La Salve garagardo ofiziala.

Ekainaren 16, 17, 18 eta 19an Bilbon garatuko da egitaraua. Jarduera gehienak Areatzan, Alde Zaharrean, Kale Nagusian eta Pío Baroja kaian -handik abiatuko da Ur Parade desfilea- egingo dira. Ekainaren 24an eta 25ean Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik hartuko dute lekukoa, musika, dibertsio eta aldarrikapenez beteko dituztelarik euren hiriguneak. Hilaren 29an HARRO SCIENCE ekitaldia egingo da UPV/EHUren eskutik. Jardunaldi horretan, LGBTI+ errealitatea landuko da hainbat jakintza-arlotatik abiatuta.

6 ARLO TEMATIKO, 6 BALORE.

Aurreko edizioetan bezala, Bilbao Bizkaia HARROk sei bloke tematiko handitan banatutako egitarau bat dauka, non elkarrekin biltzen baitira kultura, dibertsioa eta aldarrikapena eta adin guztietarako proposamenak:

  • HARROmusic. Musika BATASUN ETA IKUSGARRITASUN elementu gisa.
    Atal honetan sartzen dira egitarauko proposamen musikal guztiak. Aurten Soraya abeslariak kontzertu bat eskainiko digu larunbatean, hilak 18an. Jarraitu dantzan!
  • HARROfun. Dibertsioa eta aisialdia: aniztasuna PARTEKATU eta ospatzeko espazioak.

Bada garaia aniztasuna eta gainditutako erronkak ospatzeko. Horretarako, HARRO Fun atalean bildu ditugu jai-ekitaldiak, besteak beste ekainaren 18an (larunbata) egingo den Ur Parade mitikoa -itsasontzien desfilea itsasadarrean-, Drag Gala (ostirala, hilak 17) edo aurten berriz Kale Nagusiaren erdian osatuko dugun LGBTI bandera humanoa (igandea, hilak 19). Erakutsi zure koloreak!

  • HARROculture. Kultura eta memoria historikoa ALDARRIKAPENERAKO tresna gisa.

LGBTI+ pertsonen errealitatea lantzen duten film laburren proiekzioa, eta kolektiboak Bilbon eta Bizkaian izan duen historia ezagutzeko bisita gidatuak, biak ere proposamen bikainak egitarauaren barruan.

  • HARRObasque. Euskara eta euskal kultura: NORTASUN PROPIOA eta sentsibilizaziorako tresna.

Bertso saioak, herri kirolak eta txakolin dastaketa dira egitarauaren atal honetako ekitaldi nagusiak.

  • HARROkids. BALOREETAN HEZTEA jolasaren bidez: aniztasunaren alde eta LGBTI-fobiaren aurka.

Belaunaldi berriak jendarte inklusibo eta libre bat eraikiz hazi behar dira ezinbestez. Bilbao Bizkaia HARROren programazioan badira haurrentzako jolas dibertigarriak, aniztasuna lantzen dutenak.

  • HARROscience. IKERKETA herritarren zerbitzura.

Kultura Zientifikoko Katedrarekin eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzarekin batera antolatutako hitzaldi-jardunaldi hau Bidebarrieta liburutegian egingo da, eta hizpide hartuko dira aniztasunaren eta LGBTI+ errealitatearen alderdiak ezagutzaren ikuspegi desberdinetatik abiatuta.

Egitarauko zenbait jardueratan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik. Datozen egunetan jakinaraziko dugu nola formalizatu izen-emate hori.

GERO ETA ALIANTZA GEHIAGO

Hazten ari gara. Indartzen. Gero eta aliantza gehiago ditugu. Eta hori argi ikusten da mapan, gure ortzadarra gero eta zabalagoa baita. Aurten, Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik bat egin dute ekimenarekin. Herri horietako udalek, beste hainbat erakundek bezalaxe, badakite aniztasuna ezinbesteko balorea dela jendarte libre eta inklusibo bat eraikitzeko.

Gure esker ona adierazi nahi diegu horiei guztiei, bai eta Bilbao Bizkaia HARRO egiteko eta gero eta indartsuago izateko euren ekarpena egin duten 32 enpresa eta erakundeei: Metro Bilbao, Berdindu, Ertzaintza, Euskaltzaindia, Alzola, BBK, Euskal Trenbide Sarea (ETS), BilbaoPort, Euskalduna Jauregia, Athletic Fundazioa, Melia Bilbao, Bizkaiko Batzar Nagusiak, BasqueTeam, UPV/EHU, Donostia International Physics Center, Bilboko Berreginen Museoa, EuskoTren, Itsasmendi, Bilbao Historiko eta San Frantzisko auzoko merkatarien elkartea.

Izan ere, denok batera egin behar dugu arraun. Oraindik ere beharrezkoa da. Datuak argiak dira. Adibidez, Berdindu zerbitzuak (aniztasunarekin lotutako gaietarako Eusko Jaurlaritzaren informazio eta arreta zerbitzua) LGBTI-fobiarekin zerikusia duten 34 salaketa atenditu zituen 2021ean Euskadin. Eta titularrek egunero erakusten digute intolerantzia eta bazterkeria ez direla desagertu, mingarriak direla, eta lehenbailehen aurre egin behar diegula, aniztasuna ospatuz. BERRIRO DIOGU: BETI JARRAITUKO DUGU ALDARRIKATZEN. BETI JARRAITUKO DUGU DANTZAN. DENEN GUSTOKOAK EZ BAGARA ERE.

Bilbao Bizkaia HARRO: Bilbao Bizkaia Harro ekitaldiaren lehen edizioa 2015ean egin zen, Harrotasunaren Egunaren (ekainak 28) inguruan. Helburu argi batekin sortu zen: kulturatik eta dibertsiotik aldarrikatzea aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identitatekoa, eta LGBTI+ pertsonen askatasuna. 2019. urtea garrantzitsua izan zen Bilbao Bizkaia HARROrentzat, apustu irmoa egin baitzuen mundura proiektatzeko moduko formatu anbiziotsu eta handiago baten alde, eta Estatuan egiten diren honelako hitzordu indartsuenetako bat bilakatu zen. Denborarekin, Bilbao Bizkaia HARRO hazten eta aliantzak batzen joan da, eta gaur egun hainbat pertsona, enpresa, erakunde eta instituzio batzen ditu helburu berarekin: izateko eta maitatzeko eskubidea aldarrikatzea. Covid-19aren mundu mailako pandemiak behartu gintuen Bilbao Bizkaia HARRO osasun larrialdi egoerari egokitutako formatu txiki batean egitera. Orain, 2022an, bere jatorrizko formatura itzuli da eta inoiz baino indartsuago dator.