“Politiki (ez) zuzena” erakusketak artearen eta arauz kanpoko gorputzen indarra aldarrikatzen duintolerantziaren eta zapalkuntzaren aurkako tresna politiko gisa

  • Bilbao Bizkaia HARRO eta Bilbao Historikok antolatutako honako erakusketa hau ekainaren 12tik 28ra egongo da ikusgai hiriko bi lekutan: Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitza eta Bilbao Historiko elkartearen erakusketa-aretoan.
  • Hainbat arte-adierazpideri lotutako hamaika artistaren lanak erakutsiko dira eta, lan horien bitartez, hainbat gizatalderen ahotsa eta izana agerraraziko dira, hala nola LGBTIQ+ kolektiboarena, emakume migratzaileena, edo aniztasun funtzionala duten pertsonena.

“Gure ustez, gorputza tresna hobezina da gutako bakoitza den modukoa erakusteko, zuzenean eta zintzotasunez komunikatzeko. Izan ere, Artearen Historiak horrela erakutsi digu, sasoian-sasoian ezarritako moldeak astindu eta asaldatu zituzten ehunka artistaren bitartez”. Berba horiek erabiliz, “Politikoki (ez) zuzena”. Gorputza adierazpen politiko gisa izeneko erakusketaren ardatza paratu digute Clara Fuster Pastor eta Elena Gómez Menéndezek, erakusketaren komisarioek, Erakusketa ekainaren 12tik 28ra izango da ikusgai hiriko bi tokitan: Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado Ametzaga 6), eta Expogelan, hau da, Bilbao Historiko elkartearen erakusketa aretoan (San Frantzisko 32).

 Erakusketa hau Bilbao Bizkaia HARRO 2019 ekimenaren baitan antolatuko da. Bilbao Bizkaia HARRO aldarrikapen-ekimena da, gizarteari eta kulturari atxikitakoa, eta helburu behinena dauka LGBTiQ+ pertsonak ikusarazi eta horien eskubideak aldeztea. Hala, Bilbao Bizkaia HARRO eta Bilbao Historiko elkarteak antolatutako erakusketa honek argiro frogatzen digu artea aldarrikatzeko tresna ezin hobea dela. Ildo horretan, erakusketak xede du bi kolektiboren izana azaleratzea eta horien ahotsa entzuteko aukera ematea. Erakusketa, beraz, aipaturiko gizataldeen adierazpidea da, gorputza arma politiko erabiliz, nork bere buruari eta inguruko munduari buruzko ikuspegia erakusteko: emakumeak, migratzaileak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, transexualak, pertsona ez-binarioak, Drag Queen edo Drag King direlakoak. Askotan, esandako kolektiboetako kideen ideiak aldrebesten edo desitxuratzen direlako gorputzen estandarizazioa bilatzen duen gizartearen eraginez.

Ondoko guztiak ditugu erakusketaren sustatzaile eta laguntzaileak: Bizkaiko Batzar Nagusiak (Bilbao Bizkaia HARRO ekimenaren aurreko edizioetan ere babestu dute proiektua eta egoitza eskaini dute arte-erakusketak egiteko), San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako Merkatari eta Enpresen Elkartea, Fekoor (Gutxitasun fisikoa eta/edo organikoa duten Bizkaiko pertsonen Koordinazio Federazioa), Euskaltzaindia eta Ortzadar LGBT Elkartea.

Santas Domingas, Eduardo Gaviña, Sheila González Azcona, Aitane Goñi, Helena Goñi, Gui Martins, Alberto Taranco, Anca Petrei, Medea Pola, Denissa  Szidorak eta Ritha Thende Mindonga artisten lanek osatzen dute erakusketa hau. Lan horietan guztietan, aldarrikapena, probokazioa eta edertasuna uztartzen dira; edertasuna baina, agerrarazteko eta antzemateko era anitz eta subjektiboetan.

Ingurumari horretan, erakusketaren izenburuaren hitz-jokoari erreparaturik, azpimarratu behar dugu ezer  ez dela “zuzena” edo “(ez) zuzena”… Kontzeptu horiek aldakorrak dira, gizartearen pentsamoldearen eta moraltasunaren, ohituren edo gizabanakoen sentiberatasunaren arabera.

Erakusketaren katalogoan, erakusketa datozen egunetan, Bilbao Bizkaia HARRO ekimenaren baitan, txertatzeko arrazoien berri ematen digute komisarioek: “lehenengoa dugu bestelako pentsamoldeak ezagutarazteko eta beste aktibismo molde batzuk ikusarazteko beharrizana bideratzea, arautu gabeko kolektiboek pairatzen duten zapalkuntzari atxikirik. Eta bigarrena, erakusketan parte hartzen duten artistek nork bere buruari eta inguruko munduari buruzko ikuspegia erakusteko aukera eskaintzea; hala, leku egin diegu ozen hitz egin eta, lanen bitartez, nork bere sentimendu, egonezin eta zirrarak azalaraz ditzan”.

Hau ez da, ordea, Bilbao Bizkaia HARRO ekimenak artearen inguruan antolatu duen jarduera bakarra. Izan ere, gazte talentudunen hamaika erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu Bilboko hainbat tokitan eta, gainera, omenaldia egingo diogu Ignacio Goitia artistari Euskal Museoan. Erakusketa, jarduera eta gainerakoei buruzko informazioa webgunean aurkitu daiteke: www.BilbaoBizkaiaHarro.eus

“Politikoki (ez) zuzena” erakusketan, ondoko artistek parte hartuko dute:

 ALBERTO TARANCO  Bilbo, 1990. Arte plastikoak eta musika gustuko izan ditu umetatik. 2009. urtean hasi zituen arte-ikasketak, Miguel de Unamuno BHIn. Ikus-entzunezkoen inguruko ikerketak erakarrita arte-gradua atera zuen UPV/EHUn. Geroago, jatorrizko pizgarria moldatu zuen eskulturan erabiltzeko eta bizi deneko hirian, Bilbon, erakusteko. Bestalde, paisaiarekiko elkarreragina landu du, gizartearen nahiz norbanakoaren ikuspegitik.

 GUI MARTINS  São Paulo, 1997. Ikusizko artista maritxua, trabestia eta ez binarioa, besteak beste, generoa, arraza, gorputzak eta bereizkeriak zalantzan jartzen dituena. Aktibismo estetikoa eta transfeminista lantzen du, modelo gisa edo bere sorkuntza-lanetan; esperimentazioa darabil bere gorputz bitxi, ezgauza eta iraultzailearen bidez; horrezaz gain, bere bizipenak eta izate ika-mikatsua baliatzen ditu.

 MEDEA POLA  Bartzelona, 1994. Gaur egun, Arte Ederrak ikasten ditu UPV/EHUn eta Filosofia UNEDen. Artean eta literaturan aritzen da batera. Medea Polaren lehen liburuak Grungy dauka izena eta bigarren eleberria ere aurkeztu du: La jaula de la iguana (Iguanaren kaiola), biak ere Hidroavión argitaletxeak kaleratuta. Medeak gizon izatetik emakume izateko bidea aztertzen du bere lanetan, barrutik bizi duenez gero. Era berean, bere gorputz desitxuratua agertzen du argazkietan eta, hala, genero-disforiaren gaixotasunaren eta osasun-sistemaren inguruko ikuspegia kritikatzen du, askotan, ikuspegi zurrun horrek transexualak txarto tratatzen eta onartzen ez dituelako.

 HELENA GOÑI  Bilbo, 1990. Arte Ederrak ikasi zituen UPV/EHUn eta, geroago, Londresa joan zen argazkilaritza-masterra egitera, Central Saint ospetsuan. Orain dela gutxi, New York-eko Solomon R. Guggenheim Museoaren Artista Hasiberrien Programaren Laugarren Edizioan hautatu dituzte haren lanak. Helena Goñik identitate eraikitzen du kolektiboan oinarrituta, bere bizipenetan eta Bilbon euskarri hartuta. Helenaren argazkietan, adierazkortasun handiko gizabanakoak ageri dira eta adierazkortasun hori hitzez bestelakoa da gorputzaren erabilera lagun.

 EDUARDO GAVIÑA   Laudio, 1969. Eduardo Bilboko aktore, komiko, abeslari eta artista da. Gaviñaren beste nia, Yogurinha Borova, ezagunagoa da: abeslaria, aktorea, umorista eta kabaretelaria. Hainbat disko argitaratu ditu, hala nola Bai Si Yes edo Carbono Catorce. Molde artistikoan, bideoa eta argazkiak erabiltzen ditu, artista guztiz polifazetiko eta jatorra dela, umore-sen izugarriaren jabea. Drag arloan egindako lanak guztizko errespetua erakusten dio emakumearen irudiari eta zeharo engaiatuta dago gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasunaren aldeko borrokan.

 ANCA PETREI  Errumania, 1993. Logroñon finkatu ondotik, Des-género izeneko saila gorputzari eta normatibitateari buruzko lan baten ondorioz sortu zuen. Orduan, artista jabetu zen generoaren bikotasuna eta, sexu biologikoan oinarrituta, gorputzaren estandarizazioa onartu zituela bizitza osoan. Hala, sail horren bitartez, artistak gorputzaren baldintzak berrikasi nahi ditu. Ehunezko lan esperimentala da, gorputz anitzen edertasuna irudikatzeko eta ezarritako estereotipoak ere irudikatzeko. Artistak sortu dituen protesien bidez, genero maskulino eta femeninoa nahasten ditu, generoari lotutako estereotipoak kritikatzen dituen estetika androginoa baliatuz.

 DENISA SZIDORAK  Transilvania, 1992. Logroñon bizi da 2002. urtetik aurrera. Argazkilaritza-ikasketak egin zituen hiri horretan ESDIR erakundeko Irudi eta Moda Diseinuaren Etxean. Nolanahi ere, orain dela hamar urte baino gehiago, argazkilaritza-zale amorratua da Denisa. Gaur egun, argazkilaritza du bizibide, baina artistak proiektuak lantzen dihardu etengabe, munduaren ikuskera horietan islatzeko. Denisaren aburuz, pertsona bakoitza berezia da eta, horregatik, argazki bakoitza berezia da.

Ancarekin batera, Des-género proiektuari lotu zitzaion eta, bertan, Ancaren ehunezko eskulturak eta Denisaren argazkiak elkartu ziren, modeloek jantzi eta artistek ikerketan jarraitzeko.

 RITHA THENDE MIGOMBA  Kinshasa, Kongoko Errepublika Demokratikoa. Bilbon bizi da 2008. urtetik. Modelo gisa lan egiten duen arren margolaritza eta argazkilaritza biziki gustuko ditu. Argazkilaritzari dagokionez, esan behar da arauz kanpoko gorputzak erretratatzea maite duela, batik bat, emakume beltzen gorputzak.

Margolaritzari gagozkiola, barne-beharrizanez lantzen duela esan behar dugu, barrua husteko terapia gisa. Hori dela eta, margolan sutsu eta sentimenduz josiak egiten ditu. Zer margotuko duen aurrez pentsatu gabe jarduten du, pintzelkadei bidea egiten utziz

SANTAS DOMINGAS  Dantza garaikidearen eta performance-aren arteko proiektua, Uxía eta Alejandra izeneko artistek ondutakoa. Arte Ederren fakultatean ezagutu zuten elkar eta talde artistikoa eratu zuten Noviembre filma ikusi ondoren. Film horri esker, biak konturatu ziren feminismoa eta bestelako gizarte-borrokak partekatzen dituztela, bai eta artea gizartea aldatzeko tresna gisa erabil daitekeela. Gorputza arma politiko modura darabilte eta mihise gisa artea islatzeko; hori dela eta, margoa eta beste bitarteko batzuk erabili ohi dituzte ekitaldietan. Santas Domingas taldearen lanek ikusleekin elkar eragiten dute eta pedagogia lantzen dute, ikusleak ikasle bihur daitezen.

 SHEILA GONZÁLEZ AZCONA  FEKOOR (Gutxitasun fisikoa eta/edo organikoa duten Bizkaiko pertsonen Koordinazio Federazioa) erakundearekin batera, Gure gorputzak, bestelako lurraldeak izeneko proiektua landu zuen. Argazki-sail horretan, desgaitasunik duten eemakueekemakumeek pairatu behar duten ikusezintasuna eta mugak erakusten dira. Sailean, arauz kanpoko gorputzen edertasuna aldarrikatu nahi da eta, aldi berean, gizarteak ezarritako aurreiritzietatik askatu.

Ildo horretan, aniztasun funtzionala duten emakumeek pairatzen duten zapalkuntza bikoitza erakutsi nahi da. Alde batetik, pertsonei datxekien kapazitismoa*, askotan horren jakitun izan gabe, eta bestetik, emakume izate hutsagatik jasan behar duten zapalkuntza.

*Kapazitismoa aniztasun funtzional duten pertsonen aurkako zapalkuntza da, tratu desberdina jasotzen duelako ingurunearekin bestelako harremana, arauz kanpokoa, dutelako.  

 AITANE GOÑI LANDA Bilbo, 1990. Ikasketaz historialaria eta ogibidez ikaslea. Gaur egun, irakaskuntzan dabil, Arte Ikerketa eta Sorkuntzari buruzko masterra egiten UPV-EHUn eta artea lantzen Arrigurin. Memoria ikertzea gogoko du eta Historia dokumentatzeko nahiz gordetzeko beharrizana aldarrikatzen du. Horretarako hainbat ekoizpen-bide darabiltza: argazkia eta bideoa formatu analogikoan, eta bere kulturari lotutako marrazki bakunen estanpazioa, batez ere, oihal gainean. Oraina gustuko du, iragana gustukoago.